XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NERE BORDATXOTIK

Joan dan igandean ospatu zuten oriotarrak Arrantzale Eguna.

Aundiki ospatu ere, an izan ziranei entzun nietenez.

Orain getariarren txanda da.

Benetako arrantzale erriak izaki Orio ta Getari.

Bai orixe!.

Asi nadin bada Getari-n egingo diran jaialdien berri al danik txukunen ematen.

Azarok 14, igandea: Goizeko zazpiterdietan, txistulari talde on bat Getari-ko kaleak alaitzen.

Zortziterdietan, berebiziko txokolate jana, kaian. Amarretan, arrantzale meza.

Trainerilla izeneko ontzietan irabazitako banderen onespena; Jaunari Esker-Emate beroa eliztar guzien artean, Agintariak buru direla.

Ondoren, arrantzale kopradian, amaiketakoa Agintari ta irurogeitamar urtetik gorako arrantzaleentzat.

Aueri zerbait eskupeko luzatuko zaie egunaren gogoangarri.

Amabiak laurden gutxiagotan, kaian Ponpoxo izeneko donostiar talde jostalariaren ekiñaldia.

Denbora berean, bi trikiti erri barruan jendea alaitzen.

Arratsaldeko bostetan kaian, Uztapide ta Lopategi bertsotan, eta Endañeta ta Ostolaza arrijasotzen.

Seiretan, erromeriaren asera.

Soiñulari: Andoain-go Los Rubis orkesta ta Zarautz-ko Naia.

Goizalderarte jarraituko dute alkarri txanda egiñaz.

Getariarrak ez dira zurkerian ibili.

Egun bat egun bat dala-ta, kosta ala kosta, itxurazko programa antolatu nai izan dute.

Atun-urte danak ezpaitira aurtengoa bezelakoak izaten.

Denboraren gorabera dago.

Onek laguntzen duela ba-dago ziurtasun edo segurantzia jendeak erantzungo duela.

Orio-ko Andu baserria.

Ango nagusi-etxekoandreak dira Agustin Lertxundi ta Agustiña Argiñena.

Urrezko eztaiak ospatzera dijoaz.

Berrogeitamar urte dira alkarri baiezkoa aldarean eman ziotela; berrogeitamar urte ezkondu zirala.

Zortzi seme-alaba izan eta sei bizi zaizkie.

Datorren igandean, azarok amalau, arratsaldeko ordubat eta erdietan, meza izango dute San Martin-en ermitan, Jaunari esker beroak emateko.

Orio-ko erretore jauna meza-emale.

Ondoren, senidearte guzia Orio-ko Oliden jatetxean bilduko da bazkari eder bat egiteko.

Bijoazkie nere zorion anaikorrak.

San Martiñetan eta San Romanetan denbora txarra, amarretatik zortzitan.

Santu guzien eguna ere pijoa da txarra izaten, aurten alakorik ezpazan ere.

Mutil koskorretan Aia-ko Urdaneta baillarara joaten giñan gonbirau.

Anai bi izaten giñan: ni ta nere urrengoa.

Orduan etzegon gaurko konturik.

Orain kamio ederra, nai dezun modura ta nai dezunean joateko.

Orduan metroko lokatza sakonune zenbaitetan.

Zarautz-ko Abendaño baserri parea etzan ederra.

Bezperatik joaten giñan gu.

Illunduta gero izaten zan irteera.

Gu joan bearrak giñan baserriko etxekoandrea bezperatik etortzen baizan Zarautz-a, erosi bear ziranak erostera.

Astoa karga-karga egin eta arre!.

Aizea, euria, bisutsa edo txingorra, jakiñekoak oi ziran.

Aiekin ez giñan arritzen, baiña bai denbora ona gertatzearekin.

San Romanetan, illaren emezortzian Altzolako pestak.

Gaur Urdaneta-koak, gaur zortzi Altzola-koak.

Amar-amaika urte genituen orduan.

Bezperatik baserrian egiten genduen gaztain-erre jana gogoratzen zait makiñabat aldiz.

Danboliñean erretzen zituzten dotore asko.

Mazoak an egoten ziran mai gaiñean guretzat pronto jarriak.

Gaztain erreak alde batetik eta sagardo berria bestetik.

Egun gutxiko sagardoa: gozo gozoa.

Ura zan garai artan guk geien maite genduena.

Zer esan berriz gaurko eguneko bazkariagatik? Amaika jatordutan iritxi naiz nere denboran baiña orduan jaten zan bezelako potajerik ez det aurkitzen iñun.

Klase asko ta zein baiño zein obeak Aiek San Martiñak ordukoak!.